2011/02/02

Ibiltzen egiten omen da bidea...


2010eko urtarrilaren 28a; 4:50 a.m.

Gau hotza da, 2 gradu inguru baino ez dira egongo kalean. Jende guztia lo sakonean murgilduta dago bihar goizeti lanera joan ahal izateko (bihar bai, baina atzo ez! Greba eguna zelako Hego Euskal Herrian). Hala ere, nire atzeko atea zabalik dago eta ez dakit zenbatgarren motxila sartu dute nire barrenera (kaskoak, sokak, erraketak, pioletak, kranpoiak…), ez nago guztiz ziur, baina ematen du asteburu honetan abentura luzea daukadala aurretik.

Giltzak sartu, argiak piztu eta martxan jarri gara. Handik gutxira, beste gazte bat hartzera gelditu gara; honek baita ere, motxila handia, kaskoa, pioleta...eta beste hainbeste tramankulu dakartza gainean. Berriro martxa hartu eta Algortarako bidea hartu dugu, bertan beste bi gazte batzeko, biak munstro itxurako motxilekin kargatuta. Esaten dutenaren arabera, beste bidaiari bat baino ez da falta, beraz, Leioarako bidean jarri gara. Azken hau hartuta, ez dago jada lekurik nire barrenean, motxilaz eta tramankuluz beterik noa, inoiz baino pisutsuago.

Azkenik, gasolindegira hurbildu, depositoa bete eta Red Bull toxiko batzuk erosi dituzte gazteak (Popeye modernoen espinaka berriak izango ote dira edari hoiek?). Danak jesarri eta “bagoaz” oihukatu batek. Harrituta daude bostak, 5:20 am baino ez direlako eta bidaia hasteko prest daudelako, esaten dutenagatik puntual irtetzen diren lehenetarikoa da gaurkoa.

Bilbo, Arrigorriaga, Ugao, Murgia, Gasteiz, Agurain, Altsasu, Irurtzun, Iruñea, Irunberri, Yesa...atzean utzi ditugu, gidariak azeleragailua bortizki zapaltzen du eta hegan egin behar dugula ematen du, presaka eta gogotsu doala ematen du nonbait. Atzeko aldean, zurrunkak eta arnas estuak besterik ez dira entzuten, ahoak zabalik eta begiak itxita daramatzate, gauea egin ez duten loa berreskuratuz. Puente de la Reina herrian sartzen gara eta berehala, argi urdin batzuk ikusten dira errepidean, bati baino gehiagori aurpegiko espresioa aldatu eta izerdi tantak hasi zaizkio bekokian behera. Gelditzeko esan digute eta berdez jantzitako gizon batek “estupefazienterik” daramaten galdetu die bortizki. Inork ez du erantzun, isiltasun sakon batek estaltzen du dana; baina txapel horrekin pitufo berde nazkagarria ematen duen gizonak oihuka gaineratu die gazteei “Si os pillamos algo, se os va ha caer el pelo! Vamos a traer
la patrulla de antiestupefacientes!”. Orduan, gazte batek totelka hitz egin du; baietz, berak bi kanuto dituela gainean. Ziurtasun osoa euki ez arren, esango nuke “patrulla antiestupefacientes” delakoa gezur handi bat besterik ez dela, hemen inguruan ez baitago inor. Nor egongo da ba goizeko ordu hauetan, egiten duen hotzarekin? Ba hori, bi kanuto madarikatuak bahitu ostean, pitufo arrotzek martxan jarraitzen utzi digute. “Helduko da eguna non ez dugun pitufo gehiago ikusiko” pentsatu dute sakonean bost gazteek, ondoren hasperen bat entzun da eta berriro, isiltasuna.


Geldialditxoaren ostean, bidean aurrera segitzen dugu berriro, ez dago geldi gaitzakeen inor ezta ezer. Eguraldi hotza egiten du kanpoan, lainotua eta noizean behin euri tanta apurrekin apaindua. Inguruan omen dauden mendate erraldoien arrastorik ez, hodei eta lainoek ez dute uzten gazteek horrenbesteko gogoekin desiatzen dituzten mendi gailurren imajinik ikusten (“maite ditut maite, gure bazterrak…”). Hala ere, martxan goaz, indarrez beterik eta eguraldiak hobetuko duenaren esperantzarekin, nahiz eta guztiz kontrakoa igarrita dagoen. Algarak entzuten dira atzetik, adarra jotzen diote estupefazienteen jabe ohiari, berak bere “zeruetarako bidaia” faltan botako duela gogorarazten dien bitartean.

Baina azkenean, goizeko bederatzi eta erdiak aldera Echora heldu gara, hemendik bidaiaren amaierara 12 kilometro baino ez dira falta. Gertu dago beraz, mendian gora egiteko momentua. Gero eta irribarretsuago daude mendizaleak (¿? zaleak, bai behintzat!). Errepide estu bat igarotzen goazela, zuzen datoz guregana amerikar pelikula batetik ateratako hamabost militar; guda hasi al da? Motxila pisutsuekin eta kamuflajerako jantziekin mozorratuta, gero eta hurbilago ditugu korrika datozen baldar koadrila. Gaizkile gehiegi gure inguruan egun berean, ezta? Beno, paso egin dute gutaz eta mendian gora jarraitzen dugu. Hortik kilometro eskas batera eskabadora baten gainean doan gizon kurioso batekin topo egin dugu, eguraldi txarra datorrela eta kontuz ibiltzeko oharra ematen digu, “ia han goian, elur artean, galduta gelditu behar zareten”. Hala ere, lasai egoteko esaten digu, berak bostak aldera eskabadorarekin goranzko bidea egingo baitu, errepideko elurra garbitzeko asmoz.

Asko lasaitzen gaituzte bere hitzok (gehiegi agian?) eta azken bost kilometroei ekiten diegu. Belardi handi batera heltzen garelarik, errepidearen alde baten uzten naute aparkaturik, garai bateko kanping baten alboan. Ozako basoan gaude, bost mendizale gazteen ibilbidearen hasierako puntuan. Inguruan, lehenago ikusten ez genituen mendi tontorrak ageri dira; han goian, elurrez beterik, inork noiz igoko dituen zai. Bost gazteak, nire barrenetan gauzak ateratzen ibili ondoren, soinean dituzte egun osorako behar izango dituzten motxila puxkak. 10:20 am dira eta prest daude ibiltzen hasteko (10:20 am!! Mendizale edo txomingero?), ate guztiak itxi eta badoaz gazteak, gero eta urrunago ikusten ditut, gero eta txikiago. Izan ongi gazteak!!

Goizeko 10:20 direnean martxari ekiten diogu, ibilbidea nondik hasi ziur ez gaudela. Furgoneta utzi dugun pista jarraituz ordu erdiko ibilbide xamurra egiten dugu; berotzen hasteko unea da, txaketak eta txanoak kendu, lehen izerdi tantak…Bide bazterrean dagoen seinale batek Castillo de Acher-erako bidea erakusten digu. Hemendik aurrera, zuhaitzen arteko bidexka estu batetik ibiliko gara, hasieran oso maldatsua baina geroago lautuz joango dena, paseotxo eramangarri bat izateraino. Momentuz ez dugu elurrik topatu (urtarrila hotza eta zikua izan da), baina izotza ageri da bidean eta batek baino gehiagok ipurdian lurraren hotza sentitu du.

Ibilbidearen lehen ordua betetzen dugunean erreka izoztu bat igaro eta malda bortitza igotzeari ekiten diogu. Bidea argi eta garbi antzematen da, ez dago galtzerik. Galtzen dugun bakarra elkarrizketa da, inork ez du hitzik egiten jada, nahikoa daukagu gora egitearekin. Malda amaitzean belardi batera heltzen gara, guztiz izoztua dago eta arriskutsua da kanproirik gabe ibili ezean, beraz janztea erabakitzen dugu. Kranpoiekin erraz egiten dugu aurrera (nahiz eta baten batek arazoak izango dituen beraiekin!) eta belardi izoztuak zeharkatzen ditugu borda zahar baten ondotik igaro arte. Elurra mara mara egiten du eta haizea gogotsu dabil, momentuz tontorra ikusteko aukera daukagu ordea, gainera eguzki izpiren bat agertzen da noizean behin. Hala ere, hemendik aurrera eguraldiak txarrera egingo du zeharo, izan ere haizeak gogor kolpatuko gaitu eta elurrak motxilak guztiz zurituko dizkigu, heldu ezean ez dugu tontorra berriro ikusterik izango. Geldialdi luzerik ez egitea erabakitzen dugu, bakarrik ura edateko baten bat eta kranpoiak janzteko aurretik egindakoa, “zenbat eta lehenago heldu, orduan eta azkarrago alde egingo dugu”. Eta ematen du hori izango dela onena: ahalik eta arinen alde egitea.

Bi orduko ibilbidea eginda, aurrera jarraitzea besterik ez daukagu, baina aurretik daukaguna ez da xamurra izango, aldapa maldatsuak besterik ez dira ikusten. Ez dugu horren bidaia luzea egin lehen zailtasunarekin atzera egiteko, ezta? Haize zakarrarengatik babesteko aurpegiak guztiz estali eta ziztu bizian egiten dugu gora, lehendabizi mendi magala inguratuz altura gitxinaka irabazten goazen heinean eta azkenik, amaieran dagoen malda zitala erasoz. Jo ta ke, irabazi arte!! Hori da guztiok pentsatu genuena azken malda horretan geundela. Gauzak horrela Castillo de Acher-eko tontorra hamar minututara baino ez daukagu, baina berandu dela, eguraldia eskasa eta indarrak justu dabiltzala kontuan hartuta, beherako bidea ekitea erabakitzen dugu. Beraz, etxean lagunei erakusteko derrigorrezko argazkia atera eta txokolate jainkotiarra jan ostean, prest gaude garaitu ezina izan zaigun mendia (batzuei bigarren aldiz gainera) jaisten hasteko. 14:15 pm dira eta jakinda igotzen ia lau ordu eman ditugula, badakigu berandu helduko garela furgonetara eta honek arrisku handia dakarrela, ez baitugu gizon kuriosoaren oharra ahaztu (ala bai?). Hortaz, ahalik eta azkarren jaisten gara, momentu oro elurrak gure bizarrak zurituko dituelarik. Hasierako pistara heltzen garenerako 20 zentimetro inguruko elur izara batek estaltzen du zorua. Bertatik furgoneta aparkatuta geneukan lekura ez da askorik falta, argia dago oraindik; baina elur gehiegi bota du! Gure esperantza guztiak gizon kuriosoaren borondate onean jarrita ditugu, bestela jakin badakigu gau gogorra izango dugula aurretik. Ordu laurden pasata furgonetan gaude, hemendik ez da deus pasa, elurra ia ia belaunetararte heltzen zaigu eta okerrena eta barkaezina dena...kateak etxean bero-bero daudela ahaztu ditugu!


Arratsaldeko bost eta erdiak direnean, hara non agertzen diren gure bost gazteak! Elurrak pausua mantso eramatera behartzen ditu, izan ere, belaunetararte daude estalirik. Zelako artaburu koadrila! Begira nola utzi nauten, elurrez beterik nago eta hemendik irtetzea ez da batere erraza izango. Uste dut beraiek ere ohartu direla, beraien aurpegietan argi antzeman daiteke. Nire ondora hurbildu, motxilak zoruan utzi eta berehala ondoan dagoen txabola zahar batetara abiatu dira. Gazte bat egur bila doala oihukatu du eta besteak bitartean txabola txukuntzen dabiltza. Ematen du hor bertan egin behar dutela lo.

Dana erdi prest dutela eta sua pizteko prest daudela, nire ondotik kotxe bat pasa da ziztu bizian elur artean (kateak jantzita, noski!). “Kotxe bat, kotxe bat” oihua entzun da eta gazte bat ehun metroko esprina bota du kotxearen atzetik, honek azkenean gelditzea erabaki duen arte. Esperantza izpi bat piztu da gazteen aurpegian eta badakite beste kotxearen atzetik joanda infernu hotz honetatik atera daitezkeela. Gidaria nire barrenera dator, giltzak jarri, argiak piztu eta azeleragailua sakatu. Elur gehiegi dago eta ez naiz zuzen aurrera egiteko gai, tronpoak egitera baino ez dut asmatzen, alde batera eta bestera. Aurreko kotxearen gurpilen arrastoa ezin harrapaturik nabil, bi metro eskas baino ez dira, baina kilometroak ematen dute. Azkenean, gazteen bultzadarekin gurpilen arrasto ditxosoa harrapatzea lortu dut, beraz, motxila guztiak gora eta gazteak badaude baso ilun honetatik alde egiteko prest.

Astiro astiro, suabe suabe egiten dugu aurrera, baina ez dakit, min hartu dudala uste dut, norabidea aldatzerakoan esfortzu ikaragarria egin behar dut eta. Esango nuke “direccion asistida” delakoa apurtu egin zaidala, lehenago egindako esfortzuak ondorioak ekarriko dizkit...Bost alproja hauek ez dira oraindik konturatu, poz pozik doaz hemen barruan, nire erraien beroan, gau gogorra atzean uzten dutela pentsaturik. Mantso mantso bidean aurrera goazela, gidariak direkzioari zerbait arraroa igerri dio, baina ez dio garrantziarik ematen eta konturatzen garenerako Echon gaude jada. Ahal duten bezala aparkatzen naute eta bost gazteak kolakao bero bana hartzera doaz ondoko tabernara, eguneko abenturaren errepasoa egin eta biharkoa prestatzeko. Uste dut oraindik ez direla ohartu nire egoera petralaz, ai ene! Bueltan datoz, nekatuta baina itxaropentsu, biharko egunak beste abenturaren bat eskeiniko dielakoan.

Izabara bidean jartzen gara, esaten duten bezala, bihar ibilbide lasaiagoa egiteko eta domekan, eguraldi hobea egongo delakoan, beste abenturaren bat bizitzeko asmoz. Baina Echoko harana atzean izten goazela egoera geroz eta jasanezinagoa bihurtzen da, izan ere errebuelta bakoitzean kalamidadeak pasatzen ditugu eta horrela ezin izango dugu luzaroan jarraitu. “Direccion superesistida” honekin gureak egin du! Erronkariko haranaren hasieran gaude eta kostata, baina gazteek azkenean erabaki dute orain onena lo egitea izango dela eta bihar goizeti etxerako bidea egingo dutela. Salvatierra de Esca eta Burgin galdetu ondoren, Erronkarin hostal gozo eta merke bat dagoela esaten diete, eta haruntza abiatzen gara, geroz eta hotzago eta ilunagoa den gau honetan. Erronkarira helduta hostala segituan aurkitzen dugu. Gazteak, ausardiaz beteta, ohe bate eske galdetzera joateko erabakia hartzen dute, baina bueltan datozenean ematen du hostala ez zela horren gozo eta merkea, eta bertako jabeak eleberrietako printzesarena baino gehiago tartaloren antza handiagoa zuela. Beno, ba ez dago besterik, gaueko ordu batak dira eta lo kuluxka bat egin beharko dute hauek, atzoko goizeko lauretan esnatuta baitaude. Azkenean, Yesako urtegi ondora hurbiltzen gara eta bazter batean gelditzen garelarik, lo sakuen barnean sartzen dira gazteak. Ez dago argirik ezta zaratarik inguruan, baina hotzak eta leku eskasak ez diete lo sakonik egiteko paradarik emango gazteei. Hala ere, baten batek ez du arazo gehiegi izan loak hartzeko eta bere zurrunkekin besteen lo egiteko esperantza apurrak txikitzen dihardu.

Eguzkia badator ekialdetik eta gau iluna amaitu dela esan dezakete gazteak, gaua bai behintzat! Liedenako kafetegira hurbiltzen gara gidariak kafeina dosi elegantea sartu dezan bere odol hodietan barrena, eta berriro martxan. Ematen du kafeinak ez duela eraginik eta horri kopilotoa koma sakoneko loan murgilduta doala gehitzen badiogu, bidaia oraindik nekagarriagoa bihurtzea dakar. Horregaitik, Irurtzun inguruan beste geldialdi behartu bat egiten dugu eta oraingoan, gazteak niganako errukia sentitu balute bezala, motxilak atera, dena txukundu eta nire erraiak garbitzen hasi dira. Hau sorpresa, hau! Horrenbeste sufrimendu pairatu ostean, mimo batzuk jaso behar al ditut? Nahi baino gitixiago izan arren, ematen baitu beraien niganako maitasuna nahiko murritza dela, prest gaude bidai amaiezin honen azken txanpari ekiteko. Danak barrura eta bostontzako txokolate eta bokata jana prestatzen duten bitartean aurrerantza goaz. Irurtzun, Agurain, Gasteiz, Ugao, Arrigorriaga, Bilbo, Erandio, Leioa, Areeta, Algorta eta Sanbar. Gazteak banan banan jaitsi dira beraien herrietan eta oraintxe bertan garajean nago merezitako deskantsua hartzen. Astebururako plana zena egun luze, oso luze, bateko plana bihurtu da. Hala ere, senak esaten dit bost mendizale gazteek zeozer ikasi dutela hurrengo baterako...

No hay comentarios:

Publicar un comentario